Nola larunbat gauez bakarrik
Utzi ohi nauen koadrilak
Mutil gazteen bila dihardu
Algortako neskatilak
Sakontasunez aztertu ondoren
Euskal Herriko mutilak
Fundamentuan gehiago dira
Zulobako jeringilak,
Zulatutako arrautzak edo
Arrautz gabeko natilak
Lehenbizikoa Miguel izan zen
Iazko San Ferminetan
Lehen musua hark eman zidan
Goxo- goxo Estafetan
Beti zezenez, entzierroez,
Eta korridez hizketan
Egia esan aditua zen
Adar kontu guztietan
Bigarrena ezagutu nuen
Neguriko Telepizzan
Peperonia eta piperra
Nik gustuko nuen gisan
Laster zita izango genukeen
Andra Mariko elizan
Ezkondu arte ez egiteko
asmorik ez balu izan
Hurrena txirrindularia zen
kaskoa eta kulota
lizentziaturaz abokatua,
sukaldaria, yudoka
ametsetako printze urdina
Wuapo eta poliglota
pena bakarra urrun daudela
Barkoxe eta Algorta
Ondarrutar bat ezagututa
Ze gorputza, zenbat arte
Lotsarik gabe aritu ginen
Izerditan blai jo ta ke
Berez mutila maite nuenik
Ezin ukatu nezake
Dena primeran joan zitzaigun
Hizketan hasi zen arte
Hurrengoa zen pilotaria
Abadiñoko piraña
luzean pasa egiten zuen
eta laburrean, kaña.
Esaten zuten frontoian zela
Oso atzelari bikaina
Zaletasuna frontoietik at
Mantendu ohi zuen baina.
Bizar luzedun Azpeitiarra
Frediren lagun zen Urtzi
Ados ez zela neba maiteak
Oso garbi zigun utzi
Nire arreba ukituz gero
Biziko haiz oso gutxi
gutunik jaso izan dut baina
Ez dut berriro ikusi
Azken aukera hauxe izan zen
San Antonio ala hil
Eta santuak lista-de-esperan
Jarri zizkidan 9000
Orain badakit Durangon nola
dagoen hainbeste mutil
Eta zergatik kokatu zuten
Urkiolatik hain hurbil
Baina denak ez direlakoan
Mister Been edo Beny Hil
Iragarki bat jarri behar dut
Pretendiente bila nabil